martes, 12 de febrero de 2019

Bizitza korapilatsua eta miresgarria irudietan



Jone Noriegak (1. Batx_B) idatzitako sarrera



Gerezi garaia, Txalaparta, 2018
Komiki hau irakasle batek aurkeztu zidan. Ez nuen aurretik inoiz entzun istorio honi buruz, eta obra honek kontatzen zuen bizitzak  jakin-mina piztu zidan.

Lucio Urtubiaren, Nafarroako Cascante herrian jaiotako igeltsero eta militante anarkistaren bizitza korapilatsua eta miresgarria aurkezten digu eleberri grafiko honek, irudizko xehetasun osoz. Intentzio biografikoa ez ezik, bestelako hainbat ñabardura ditu eta, kontakizuna igaro ahala, Lucioren altxorra deritzona jorratzen du.

Oso txikitatik botere eta autoritate ororekiko gorrotoa ernaldu izan zuen gure protagonistak; izan ere, umetatik pairatu izan zituen boteredunen gehiegikeriak. Espainiako Gerra Zibila eta ondorengo diktadura garaian, Luciok argi zeukan: kosta ala kosta, beti bidegabekeriaren kontra jardutea. Eta hala egin zuen. Gaztetan, kontrabandoan aritu eta gero, Parisera egin zuen ihes; bertan igeltsero-lanetan hasi zen, bere bizitzan arituko zen moduan, eta bertan izan zituen, halaber, mugimendu iraultzaileekin lehenengo harremanak. Robin Hood bat bezala hartzen dute askok, hainbat aldiz lapurtu izan baitzien dirua bankurik handienetakoei, haien artean First National City Bank, orduko bankurik handiena. Hainbat urte txekeak falsifikatzen eman zituen (honek ekarri dio, batez ere, izan dezakeen ospea), pare bat aldiz gartzelaratua izan arte, kolpe itzela suposatu baitzuten bere ekintzek banketxe horrentzako.

Gizon xelebre honen istorio ikusgarriak orduko testuinguru historikoan murgiltzen gaitu. Zapaltzaileari aurre egitera ausartu zen pertsona bat ezagutzeko aukera dugu, beldurrik gabekoa; eta bestalde, gizatasun eta goxotasunez betea. Pertsonekiko, bizitzarekiko eta duintasunarekiko maitasunaren kontakizuna da hau. Gomendagarria da eleberri historikoaren edota grafikoaren zaleentzat, baina, oro har, inspiragarria izan liteke literatura ona gustoko duen pertsona ororentzat.

* * * * *


 Jone Noriega Gerezi garaia liburuaren aurkezpenean


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.